XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BIDERAGARRITASUN PLAN BERRIAK 30-40 LANGILEREN KALERATZEA ESKA DEZAKE IRUÑEAN

Iparlat Iruñeko lantegia taldetik bereiztea aztertzen ari da

Iparlatek datozen egunotan aurkeztuko du bere Plan Estrategikoa. Iazko urtarrilean zuzendaritzak erabaki zuen Iruñeko lantegiaren bereizketa. Erabakia aurki gauzatu daiteke. Horretarako Lacteos de Navarra enpresa sortu du Iparlatek.

IPARLATEK, Euskal Herriko esne zentral indartsuenetan oinarrituta sortu zen enpresak, Nafarroako lantegiaren bereizketa gauzatu dezake aurki. Lacteos de Navarra (Nafarroako Esnekiak) enpresa sortu du, bereizketa gauzatzekotan izen hori har zezan Iruñeko lantegiak.

Une honetan konpainiaren Plan Estrategikoari azken ukituak ematen ari dira. Horren arabera zehaztuko da Iruñeko lantegiaren bideragarritasun plana.

Iazko bereizketari buruzko erabaki hark eta Lacteos de Navarra enpresa berriaren sorrerak bi helburu nagusi atxikitzeko bidea marrazten dute.

Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuaren esku hartzea bultzatu, Foru Komunitatekoa litzatekeen enpresa bati laguntzea ahalbidetuz.

Gogoratu beharra dago Nafarroako Gobernuak ez zuela azken kapital gehitzean parte hartu.

Eta, bigarrenik, etorkizunean Lacteos de Navarra datekeen enpresa saltzeko aukera izatea.

Izan ere, Iparlatena izanen litzateke aurrerantzean ere enpresa berriaren kapitala, baina mugimendu honek bertzelako enpresa eragiketa sakonagoak egiteko aukera handiagoa damaio Urnietako zentralari.

Jose Maria Arakama, Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilariak, atzo bertan baieztatu zion EGUNKARIARI bideragarritasun plana aurki izanen dela prest: Hamar edo hamabost egun barru bideragarritasun plana eskutan izanen dugula erran digute.

Bideragarritasun plan horrek Aintzoaingo lantegian izan daitezkeen kaleratze kopurua zehaztuko du.

Ekonomia Kontseilariak behin baino gehiagotan aipatu du Nafarroako Iparlateko lantegiaren langile kopurua neurriz kanpokoa dela.

EGUNKARIAk jakin ahal izan duenez hiru lanpostutik bat gal lezake Iruñeak.

Lantegiak bazkalburuko esnekiak lantzen ditu bereziki.

Ines Odriozola, Iparlateko komunikazio arduradunak, Iruñeko lantegiaren bereizketa 1997ko urtarrilean onartu zela konfirmatu zuen atzo.

Hala ere, bereizketaren gauzatzeaz eta Iruñeko lantegian lanpostu horiek galduko direla Plan Estrategikoaren zirriborroan agertzen ez dela ziurtatu zuen.

Langileen ordezkariek diotenez, egoera txarra da oso Aintzoaingo lantegian.

Honetan guztian ez digute inolako informaziorik eman. Azken aspaldion etengabeko lanpostu galera dago, dio Javier Esparzak, Enpresa Batzordeko idazkariak.

Iparlaten, bertzalde, barne egituraketari dagokionez, duela gutxi zuzendaritza taldeko hainbat kargu garrantzitsu aldatu dituzte berriro.

Gogora ekarri beharra dago, bertzalde, Gipuzkoako Gurelesa, Nafarroako Copeleche eta Bizkaiko Beyena bat eginik sortu zela Iparlat.

Orduko Nafarroako Gobernua, Gabriel Urralburu lehendakari zela, euskal esne zentralen fusioaren aurkakoa zen.

Holandako Freisland enpresa multinazionalak Copeleche erostea nahi zuen. Parlamentuak fusioa babestu zuen.